Gipuzkoako Foru Ogasunak herritarrek oinarrizko zientziari ekarpenak egitea sustatuko du

Compartir

Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Arauaren aurreproiektu berria aurkeztu du, oinarrizko ikerketaren mezenasgoari bultzada emateko. Mekanismo horren bidez, foru erakundeak pizgarri berri eta indartsu batzuk aktibatuko ditu, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko. Lehenik, batzordean aurkeztuko da, eta, ondoren, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako izan liteke hori. Nolanahi ere, arauaren indarraldia 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da.

Oinarrizko ikerketaren mezenasgoa modalitate hauen bidez egin ahal izango da: dohaintzak, ekarpenak eta legatuak, edo enpresa-lankidetzako hitzarmenen bidez. Horrela, oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzailetzat hartuko dira Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutako Ikerketa eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC programa), bai eta Gipuzkoan kokatutako unibertsitateetako ikerketa-taldeak ere.

Mezenasgo horrek sortutako onura fiskalari dagokionez, pertsona fisikoen kasuan % 35eko kenkaria ekarriko du PFEZean. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion herritar batek 350 euroko kenkaria lortuko du. Pertsona juridikoen kasuan, mezenasgo mota honetan inbertitutako zenbatekoak gastu kengarritzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazterakoan, eta, gainera, zergaren kuota likidoaren % 20ko kenkaria izango dute. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion enpresa batek 1.000 euroko gastu kengarria izango du (240 euroko kuota) eta 200 euroko kenkaria. Hau da, guztira 440 euroko onura fiskala ekarriko du.

Gizpukoako Diputatu Nagusiaren arabera, Markel Olano, berrikuntza eta ikerketa zientifikoa Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren ezaugarri nagusietako bi dira. Gogorarazi duenez, 2020an I+Gko gastua BPGrekiko % 2,63koa izan zen Gipuzkoan (Euskadi %2,08a; Espainia %1,25a; Europar Batasuna %2,15a) eta, urte berean, 12.503 pertsonak egiten zuten lan berrikuntzan Gipuzkoan, horien % 65,7 ikertzaileak zirelarik (8.222 pertsona). Horrekin batera, lurraldeak agente sare oso indartsua duela azpimarratu du: bost unibertsitate, erreferentziazko zentro teknologikoak, BIC Gipuzkoa, oinarrizko berrikuntzako lau zentro (DIPC; Basque Center on Cognition, Brain and Language; Polymat; eta Materialen Fisika Zentroa), berrikuntzako hainbat arlotan punta-puntakoak diren enpresak…

Zerga-arloan, foru arduradunek nabarmendu dute ikerketa programak edo jarduerak lehentasunezkotzat jotzen direla urtez urte, Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatutako proiektuetarako finantzaketa pribatua lortzeko (3/2004 Foru Araua). Lehentasunezko jarduera horiei egindako ekarpenek zerga hobariak dituzte, eta, neurri hori aplikatu den urteetan lortutako esperientziaren ondorioz, Aldundiak ikusi du I+G+Bren esparruan oinarrizko ikerketa dela finantzaketa zailtasun gehien dituen adarra.

Azkenik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ahaleginak egin arren, datuek erakusten dute emakumeek gizonek baino presentzia txikiagoa dutela oro har (% 35,6 eta % 64,4, hurrenez hurren) ikerketaren esparruan, eta, bereziki, ikertzaileen (% 34,9) eta teknikarien (% 34,7) artean. Hori dela eta, Foru Arauaren aurreproiektuak zenbait baldintza ezartzen ditu erakunde hartzaileak mezenasgo bidezko laguntza jaso ahal izateko: BERC zentroen kasuan, berdintasun-plan bat izan beharko dute, eta plan horrek jasoko du zentroak berdintasunaren arloan duen egoera, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko egiten dituen ekintzak ere. Unibertsitateetako ikerketa-taldeen kasuan, A taldekoak izan beharko dute, eta kalifikazio horrek, besteak beste, genero-orekaren maila baloratzen du.