EAEko eta Nafarroako Foru Ogasunek zordunen zerrenda argitaratu dute

Compartir

Araba

Zerrenda horretan 37 zergadun agertzen dira, zeinek guztira 129.214.508 euroko zenbatekoa baitute ordaintzeke Arabako Foru Ogasunean. Aurreko urtearekin alderatuz, nabarmentzekoa da zerrendatik bi zordun atera direla, eta beste bat sartu dela.

Era berean, 37 zordunetatik 25 konkurtso prozeduretan daude edo egon dira. 25 zordun horiek metatutako zorraren ehunekoa zerrendan argitaratutako guztizkoaren % 76,64 da. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuaren esanetan, «iruzurraren aurkako borroka Foru Gobernuaren lehentasunetako bat da, eta ekintza honek horretan laguntzen du».

Argitaratu den zerrendan, pertsona fisiko zordunek artean 9,85 milioi euroko zorra dute. Pertsona juridikoei eta entitateei dagokienez, berriz, 34 erakundek ez dute 119,36 milioi euro ordaindu.

Bizkaia

Bizkaiko Foru Ogasunak argitaratutako zerrendan 158 pertsona agertzen dira; horietatik 150 pertsona juridikoak eta 8 pertsona fisikoak dira. Milioi bat euro baino gehiagoko zorren eta zerga-zehapenen baturaren zenbatekoa 475.417.806 eurokoa da.

Zerrenda hau Bizkaiko Foru Ogasunaren Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko Planean jasotako jarduketetako bat da eta iruzur fiskala prebenitzea eta herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzea du helburu.

Joan den maiatzean Bizkaiko Foru Aldundiak foru arauaren aurreproiektua onartu zuen; horren bidez zenbait zerga-aldaketa sartu ziren eta horien artean dago zerrenda honetan sartzea eragiten duen zenbatekoa 1.000.000 eurotik 600.000 eurora murriztea. Aldaketa hau Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari dira gaur egun.

Gipuzkoa

Gipuzkoako Foru Ogasunarekin zor handiak dituzten zergadunen zerrenda argitaratu du, guztira 239,9 milioi euroko zorra duten 43 subjektu biltzen dituen zerrenda. Zehazki, 2021eko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin milioi bat eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu zerrendak. Aurreko zerrendarekin alderatuta (iazko ekainean argitaratu zen), 7,2 milioi euroko zorra duten 4 zergadun berri sartu dira, eta 13,2 milioi euroko zor zituzten 6 atera dira.

Izenen argitalpena foru-erakundearen zerga-ihesaren aurkako estrategiaren barruan kokatzen da, eta iruzurraren deslegitimazio sozialean laguntzea du helburu, zerga-jokabide gaitzesgarrien publizitatearen bidez. Bestela esanda, Foru Ogasunak, zordun handien zerrenda argitaratuz, zerga-betebeharrak borondatez betetzeari buruzko pedagogia egin nahi du, eta, horrela, iruzurrarekin bat datozen jarrera eta jokabideak deslegitimatu.

Nafarroa

Nafarroako Foru Ogasunak argitaratutako zerrenda 663 zergapeko agertzen dira. Zerrendan 10 zordun gutxiago daude 2021ean argitaratutakoak baino, eta zor den zenbatekoa 5,3 milioi euro igo da. Guztira, aurreko urteko zerrendan agertzen ez ziren 39 zordun berri agertzen dira 2022ko zerrendan, eta 49k baja hartu dute hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa amaitzeagatik edo zorra 120.000 euro baino gutxiagora jaisteagatik edo geroratzeagatik.

Zerga moten araberako azterketan, BEZak biltzen du zerrendan 119 milioi eurorekin agertzen direnen zor kopuru handiena. Ondoren, atzerapen-espedienteak agertzen dira, 56 milioi euroko zorrarekin eta 50,5 milioi euroko zehapenekin.

Bestalde, jarduera-sektorearen araberako sailkapenean, eraikuntza/sustapena (220 zordun) eta merkataritza eta ostalaritza (154 zordun) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik handiena dutenak. Bi sektoreen arteko zorra 195 milioi eurokoa da, hau da, guztizkoaren %60.

Zordun motari eta bere helbideari dagokienez, horien %78,3 pertsona juridikoak dira, eta %92,7 Nafarroan bizi dira.