2021eko lehen lauhilekoan foru ogasunek batutako zerga diru sarreren datuak batzen ditu hurrengo artikulu honek. Orokorrean, hazkunde nabargarria bistaratzen da, COVID-aren pandemiaren lehenengo urratsen datuekin konparaketak egiten hasi bai dira.
Araba
Apirilera arte metatutako dirubilketa 520 milioi eurokoa da Araban, aurreko urteko aldi beraren aldean % 3,5 gehiago; hala ere, kontuan hartu behar da bai jarduera ekonomikoak bai pandemiaren ondorioak arintzeko hartutako neurriek datuak zuzenean alderagarriak ez izatea eragiten dutela. Zehazki, COVID-19 neurrien ondorioz ordainketak geroratu eta zatikatu egin direnez, 37 milioi euro kobratzea apirilera atzeratu da, hau da, metatutako bilketaren % 7,13.
Zuzeneko zergetan 236,7 milioi euro bildu dira, aurreko ekitaldian baino % 7,7 gutxiago. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) 201,5 milioi euro bildu dira (-% 9,9). Lan atxikipenen kontzeptuak bilakaera positiboa izan du, % 8,8ko hazkundea izan baitu. Ordainketa zatikatuen bidezko bilketa eta zergaren kuota diferentziala izan dira jaitsiera handiena izan dutenak, 7 eta 32,3 milioi euro, hurrenez hurren Ordainketa zatikatuen beherakada Arabako Ogasunak krisi egoera honetan hartutako neurrietako baten ondorio izan da, autonomoek diru sarrera egiteko betebeharra bertan behera uztearena, alegia. Zergaren kuota diferentzialari dagokionez, PFEZaren kanpainaren itzulketen aurrerapena islatzen du, aurreko urtearekin alderatuta; izan ere, hartutako osasun neurrien ondorioz, iaz atzeratu egin zen Ogasunaren bulegoetako aurrez aurreko arreta.
Lehenengo hilabete hauetan, sozietateen gaineko zergaren bilketa 26,4 milioikoa izan zen, %18,2 a igota. Bilketak kapital higigarriaren eta higiezinaren atxikipenengatiko, ondare irabaziengatiko eta zergaren kuota diferentzialagatiko diru sarrerak islatzen ditu, baina kontuan hartu behar da oraingoz bildutako zenbatekoa ez dela oso esanguratsua.
Bestalde, zeharkako zergek, jarduera ekonomikoa modu berehalakoagoan islatzen dutenak, oso bilakaera positiboa izan dute eta 251,6 milioiko bilketa lortu dute, aurreko urteko aldi berean baino % 17,2 gehiago.
BEZagatik 159,1 milioi euro bildu dira guztira, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino % 16,9 gehiago.
Azkenik, hidrokarburoen gaineko zerga dela eta 61,1 milioi bildu zuren, hau da, pasaden urteko lehen lauhilekoan baino % 25,2 gehiago.
Bizkaia
Bizkaian tributu itunduak direla-eta apirila arte bildutako guztizko kopuru metatua 2.632,7 milioi eurokoa izan zen. Zifra hori 2021erako tributu-sarreren aurrekontuaren % 35,9 da, hain zuzen, 7.341,6 milioi euro. 2020ko epe berean lortutako zifrarekin (2.457,6 milioi euro) konparatuta, urtetik urterako hazkundea % 7,1ekoa izan zen. Edonola ere, iazko urtearekin konparatuta, kontuan izan behar da bi ekitaldien artean faktore bereizleak daudela. Besteak beste, hauek azpimarratu behar dira:
- 2020ko apirilera arte metatutako bilketak islatzen zuen jarduera ekonomikoaren geldialdia eta funtsezkoak ez ziren zerbitzuen itxiera, COVID-19aren eraginez.
- 2021eko apirilera arte metatutako bilketan eragina du COVIDa dela-eta ezarritako aparteko geroratzeak. Hori dela bide, Bizkaiko autonomoek, enpresa txikiek eta mikroenpresek lauhileko honetan ordaindu behar zituzten 112 miloi euroko ordainketa geroratu dute.
- 2021ean, Foru Ogasunak PFEZari dagozkion 128,2 milioi euro itzuli zituen apirilean zehar; 2020an, errenta-kanpainako lehenengo itzulketak ez ziren maiatzera arte egin.
2020ko apirilera arte, zuzeneko zergak direla-eta bildutako guztizko kopurua 1.396,7 milioi euro izan zen. Beraz, % 9,4ko igoera egon da aurreko ekitaldiaren aldean. Zuzeneko zerga nagusien artean, PFEZa % 2,3 igo zen, eta sozietateen gaineko zerga, % 64,9.
Bestalde, zeharkako zergak direla-eta bildutakoa 1.121,5 milioi euro izan zen, hau da, 2020ko ekitaldian baino % 4,3 gehiago. Zifra horretan, Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiekin egindako barne-doikuntzetako lehenengoa kontabilizatzen da, BEZaren eta zerga berezien bilketa koefiziente horizontaletara doitzeko. Doikuntza horietan, Bizkaiak 254,6 milioi euro ordaindu ditu, Arabak 73,9 milioi, eta Gipuzkoak 180,7 milioi. Kudeaketa propioko BEZa % 5,7 hazi da, eta zerga berezien artean, hidrokarburoen % 5,1eko jaitsiera aipatu behar da.
Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Ogasunak 1.025 milioi euro jaso ditu apirilera arte, pasa den urtean baino 182 milioi euro gehiago.
Gipuzkoako zerga bilketa metatua 2021. lehen lauhilekoan zehar %21,6 hazi zen, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. Beraz, orain arte 1.025 milioi euro bildu ditu foru Ogasunak, pasa den urteko epe berdinean baino 182 milioi euro gehiago. Eider Mendoza foru bozeramaileak prentsaurrean azaldu zuenez, datu hauetan islatzen da, lehen aldiz, pasa den urteko martxoan ezarri zen alarma egoera eta konfinamenduaren eragina; izan ere, egun haiekin ari dira egiten alderaketa. “Ogasunetik, sarrerak geroratu ziren, eta itzulketak indartu, eta horren ondorioz pasa den urteko ziklo honetako zerga bilketa oso oso txikia izan zen. Hortik, beraz, igoeraren zergatia”, azaldu zuen foru arduradunak.
Espero bezala, zerga nagusien bilakaera positiboa izan zen apirilerarte, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte: PFEZaren kasuan, %18,7 hazi zen zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %17,6 egin zuten gora; eta BEZari dagokionean, berriz, %40,6 igo zen zerga bilketa. Sozietateen gaineko Zerga negatiboan ageri zen, baina ez enpresen irabazien bilketak izandako bilakaeragatik, baizik eta zerga hau osatzen duten bestelako elementu batzuk behera egin zutelako (bereziki, ondare irabazien gaineko atxikipenak).