Zerga-bilketak gora egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2019ko lehen seihilekoan

Compartir

Zerga-bilketa gehien areagotu den lurraldea Bizkaia izan da, aurtengo lehen seihilekoan % 4 hazi delarik 2018ko emaitzekin konparatuz. Araban eta Gipuzkoan aldiz, hazkundea %1 eta %0,5ekoa izan da hurrenez hurren.

Arabako kasuan, zerga-bilketa % 1 hazi da iazko aldi berarekin alderatuz, eta 838 milioi euro bildu dira. Zergaka aztertuz gero, jarrera positiboa izan da, enplegua hobetu eta egonkortu delako (PFEZaren konturako atxikipenak) eta kontsumoa ere handitu delako (BEZa). Hori hala izan da ere, PFEZean saldoa negatiboa izan da, aitatasun eta amatasun prestazioen itzulketen eta errenta kanpainako itzulketen ondorioz.

Bizkaiko Foru Ogasunak 3.455,0 milioi euro bildu ditu aurtengo lehen sei hileetan eta 2018ko aldi berean bildu zuena baino 134,1 milioi euro gehiago jaso ditu, % 4 gehiago, alegia. Bildu den horretatik 1.369,5 milioi euro zuzeneko zergen arlokoak dira; mota honetakoek iazko urtean bildu zena baino 24,8 milioi euro gehiagoko ekarpena izan dute. Horien artean esan behar da PFEZ oro har % 3,2 hazi dela lanagatiko atxikipenetan izan duen % 4,9 hazkuntzari esker. Beste alde batetik, PFEZren kuota diferentziala -333,3 milioi eurokoa izan da (-305,0 milioi iaz), errentaren kanpainan egon diren itzulketen gehikuntzaren ondorioz eta, aldi berean, amatasun eta aitatasun prestazioengatik ordaindutako zergen itzulketen ondorioz. Zeharkako zergen artean kudeaketa propioko BEZean 1.369,0 milioi euro bildu dira (iaz baino 14,4 milioi gehiago), eta Zerga Berezien artean Hidrokarburoen gainekoa % 13,2 hazi da eta Tabakokinen gainekoa % 2,6, elektrizitatearen gainekoan % 3,1eko jaitsiera egon denean.

Gipuzkoan , zerga bilketa metatua %0,5 hazi da aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuz. Ondorioz, 2018an baino 7,5 milioi euro gehiago batu dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nabarmen hazi dira lan etekinen gaineko atxikipenak, lan merkatuaren egoera onaren adierazle. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, ondare irabazien gaineko atxikipenetan emandako jaitsiera nabarmendu behar da, pasa den urtean ezohiko sarrera bat egon baitzen. Nabarmen igo dira baita ere Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) itzulketak.