Foru lurraldeetako 2019ko Errenta eta Ondarearen kanpainak martxan daude

jose maria iruarrizaga
Compartir

Larrialdi egoera dela eta, internet bidezko PFEZ aitorpenak bultzatu dituzte lau Ogasun Foralek.

Araba

COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz, Arabako Foru Ogasunak aldatu egin ditu Errenta Kanpainaren epeak eta irailera arte atzeratuko du aurrez aurreko arreta. Hala ere, Arabako Foru Ogasunak tresna informatiko berriak prestatu ditu arabarrek aukera izan dezaten aitorpena egiteko uda ostera itxaron beharrik gabe.

Arabako Foru Ogasunak guztira 132,4 milioi euro itzuliko dizkie 126.618 arabarri (1.046 euro, batez beste); eta 94 milioi euro jasoko ditu 43.615 zergadunengandik (2.155 euro, batez beste). Hau da, saldo garbia -38,5 milioi euro da.Iaz baino 9 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusi da, batez ere murrizketetan eta kenkarietan izandako %1,5eko eguneratzearen ondorioz (deflaktazioa). “Itzulketa gehiago eta sarrera gutxiago izango da”, laburbildu du foru arduradunak.

Bizkaia

Bizkaian 2019ko Errenta kanpaina maiatzaren 4an hasi da; 580.000 PFEZ aitorpen aurkeztuko dira. Kanpainaren lehen egunetan, 230.000 zergadunek jasoko dituzte itzulketak: guztira, 215 milioi euro. Foru Ogasunak kanpaina osoan itzuli asmo dituen 432 milioien erdia da kopuru hori. Gainerako zergekin bezala, PFEZari dagokionez ere itzulketak egiteko prozesuak bizkortzen ari da Foru Ogasuna, horrela sustatzen baitu zergadunen likidezia COVID-19aren osasun-larrialditik sortutako krisi ekonomikoa dugun honetan. Hamar aitorpenetik lau dagoeneko eginda eta itzulketen erdiak gauzatuta hasi da kanpaina. Ordaintzeko emaitza duten aitorpenak kanpainaren azken egunean kobratuko dira; data zehazteke dago oraindik. Itzulketak lasterragotzeko ahalegin hori langile autonomoei zuzendu zaie bereziki; horregatik, kanpaina honetan, Errenta Etxean proposamenen hartzaile-taldean sartu dira, PFEZa lehenago itzul dakien, hain zuzen ere. Azkenik, emergentzia egoera dela eta, 24.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eta COVID-19aren ondorioz ABEEE edo EEE egoeran dauden edo egon diren edo kaleratuak izan diren pertsonei Foru Ogasunak egingo dire errenta aitorpena. Zerbitzu berri honen bidez aitorpenen aurkezpena arindu nahi da zergadunek euren itzulketak lehenbailehen jaso ditzaten, oraindik ezinezkoa baita erakunde laguntzaileetan aurrez aurreko zerbitzua eskaintzea.

Zerbitzu berri honen bidez aitorpenen aurkezpena arindu nahi da zergadunek euren itzulketak lehenbailehen jaso ditzaten, oraindik ezinezkoa baita erakunde laguntzaileetan aurrez aurreko zerbitzua eskaintzea. Oraingoz 24.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eta COVID-19aren ondorioz ABEEE edo EEE egoeran dauden edo egon diren edo kaleratuak izan diren pertsonei soilik eskaintzen zaie zerbitzu hau.

Errenta 19 kanpainan, Foru Ogasunak aurreikusten du 580.409 aitorpen izapidetzea; haietatik 397.669 -% 68- itzultzekoak izango dira eta, guztira, 431.675.300 euro itzuliko dira. Hau da, bataz beste 1.085 euro itzuliko dira. Bestalde, 182.740 aitorpen izango dira Ogasunari dirua ordaintzeko, eta, aitorpen bakoitzeko 2.056 euro, batez beste; guztira, 375.675.300 euro. 2019ko ekitaldiko errenta-kanpainaren azken emaitza -56,0 milioi euro izango da foru-diruzaintzarako. Kasu bietan, 2018ko errenta-kanpainan lortutako emaitzen oso antzekoak dira zifrak.

Gipuzkoa

Errenta eta Ondarearen kanpaina abian da apiriletik. Aldundiak 390.000 aitorpen jasotzea espero du kanpaina honetan, aurreko urtekoan baino 7.000 gehiago. Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, 288,8 milioi euro itzuliko dizkie Ogasunak zergadunei, eta hauek 264,2 milioi euro ordainduko dituzte. Saldoa guztira, beraz, 24,6 milioi euro negatiboa da Ogasunarentzako. Ogasuneko Foru Diputatuak, Jabier Larrañagak, kanpainaren zifrak modu positiboan baloratu ditu, “aurreko urtekoaren antzeko zifrak baitira, eta hura oso kanpaina ona izan zen”.

Nafarroa

Nafarroako Errentaren eta Ondarearen kanpaina maiatzaren 6an hasiko da. Aurreko urteekin alderatuz, eta COVID-19 pandemiak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, Ogasunak ez ditu proposamenak postaz bidaliko eta ahalegin guztiak egingo ditu tramitazioa eta arreta osoa bide elektroniko zein telefono bidez eskaintzeko.

Egoerak izango duen bilakaera kontuan hartuz, Ogasuneko bulegoetako edo beste erakunde laguntzaile batzuetako langileek egindako PFEZren autolikidazioak aurkezteko epea noiz hasiko den jakiteke dago, baita kanpaina zein egunetan amaituko den ere. Bi datak Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako foru aginduaren bidez onetsiko dira eta herritarrei puntualki jakinaraziko zaizkie.