Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek neurri sorta bat adostu dute egungo egoera ekonomiko globalaren ondorioen eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia indartzeko. Krisi horren ezaugarri nagusiak inflazioa eta energiaren eta lehengaien kostuen igoera dira, baita horiek ekoizpen-katean dituzten ondorioak ere. Testuinguru horretan, eta COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren aurrean egin zuten bezala, Foru Aldundiek aparteko neurriak hartu dituzte sare ekonomikoaren sektore ahulenetan egoera hau izaten ari den eragin negatiboa arintzeko, hala nola enpresa txikietan, mikroenpresetan eta langile autonomoetan.
Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiek, (Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren) elkar ezagutarazi egin dituzte adostutako neurri nagusiak, premiazko Foru Dekretu-Arauen formularen bidez indarrean sartuko direnak:
- Interesik gabeko gerorapena zergen ordainketan: Langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek aparteko gerorapena izango dute zergen ordainketetan, eta ez dute bermerik aurkeztu beharko. Foru ogasunek emango dituzten geroratze hauek ez dute interesik sortuko, eta geroratutako zenbatekoak itzultzeko zenbateko berdina izango duten sei hileko kuotatan ordaintzea eskaintzen dute, hiru hilabeteko gabealdi baten ostean egingo dena.
- PFEZren ordainketa zatikatuen salbuespena: Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez dira behartuta egongo PFEZren ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera, urteko lehen bi hiruhilekotan.
- Autonomoentzako eta mikroenpresentzako gastu-forfait handitzea. Hirugarren neurria gastuak konpentsatzeko forfait-a handitzea da, mikroenpresek eta langile autonomoek beren zerga-oinarria murrizteko, dela Sozietateen gaineko Zergan, dela PFEZan. Forfait-aren handitzeak indar berezia izango du salgaien errepidezko garraioan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, hiru lurraldeetan % 70eraino igotzen baita. Forfait orokorra, bai PFEZan (langile autonomoak), bai Sozietateen gaineko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igotzen da.
Diputatu Nagusiek hiru Foru Aldundien arteko koordinazioa eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, eta egoera larriagotzekotan erabaki sakonagoak hartu egingo dituztela iragarri dute, enpleguari eta gizarte-kohesioari eusteko.