Eusko Legebiltzarrak Ekarpenen Lege berria onartu du 2022-2026 aldirako

Ekarpenen Legea
Compartir

Ekarpenen Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gobernu-maila desberdinen arteko finantza-harremanak arautzen ditu, eta Itun Ekonomikoaren sistemaren arau nagusietako bat da. Lege berria, 10 urteko atzerapenarekin datorrena, urriaren 7an onartu zen Eusko Legebiltzarrean, eta 2022-2026 aldian egongo da indarrean; beraz, euskal administrazioek hurrengo urterako aurrekontuak metodologia berriarekin egin ahal izango dira.

Testu berria aldez aurretik adostu egin zen uztailean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan. Organo horretan Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak daude ordezkatuta. Ekarpenen Legeak baliabideen banaketa zehazten du hiru administrazio-mailen artean (autonomikoa, lurralde historikoa eta tokikoa) eta lurralde historiko bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko diru-kutxa komunei ematen dien diru-kopurua finkatzen du. Itun Ekonomikoaren finantzaketa-ereduaren arabera, foru-aldundiak arduratzen dira zergak biltzeaz, baina Eusko Jaurlaritza da EAEn ematen diren zerbitzu publikoei lotutako gastu gehiena egikaritzen duena.

Urriaren 7an egin zen Eusko Legebiltzarrean proiektu berria onartzeko bilkura, eta EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako 41 legebiltzarkideen bermea jaso zuen, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien gobernuak sostengatzen duten alderdiak hain zuzen ere. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren hitzetan “posible den araurik onena da,” eta  “aurrekontu publikoei «sendotasuna eta ziurtasun handiagoa» emango diela ere ziurtatu du.

Oposizioko talde guztiek, aldiz, ezezko botoa eman dute; EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP+Cs eta talde mistoa. Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak, adierazi zuen «Sabin Etxeko bulego batean itxi egin da akordioa” dela eta “zeuden arazoak konpondu gabe” utziko zituela. Elkarrekin Podemos-IU taldetik David Soto legebiltzarkideak akordio berriak eta udalak «zigortzen» esan zuen, eta azkenik  Luis Gordillok (PP+Cs) testu “opakoa zela” salatu zuen.

 

Adostutako metodologia berriaren berrikuntzak

Lege berriaren metodologiaren arabera, foru ogasunek egiten duten zerga-bilketa bateratuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak % 70,81 jasoko du, gaur egungo % 70,04aren ordez, eta Foru Aldundiek eta udalek gainerako % 29,16a izango dute. Ekarpen bertikala handitu egin da, batez ere, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan bere gain hartutako transferentzia berriak finantziatzeko, espetxeak adibidez.

Ekarpen horizontala, aldiz, lurralde historiko bakoitzari Eusko Jaurlaritzari dagokion zenbaketa proportzionala da. Hau da, Eusko Jaurlaritzak jasotzen duen % 70,81 horretan zenbat dagokio ematea lurralde historiko bakoitzari. Kasu honetan lege berriak koefiziente berdinak mantenduko ditu: Bizkaia %50,29a, Gipuzkoa %33,49a eta Araba %16,22a.

Gainera, foru-aldundi bakoitzaren diru-bilketaren pisu erlatiboa koefiziente horizontalaren % 99ra iritsiko dela bermatzeko helburuari eusten zaio. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45eraino igotzen da (indarrean dagoen legean %1a zen). Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko zenbatekoa handitzeak lurralde historikoentzako bermeak handitzen ditu.

Azkenik, metodologia berriaren berrikuntza nagusienetariko bat udal-finantzaketari dagokio. Toki-erakundeek tributu itunduetan duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23koa izango da. Horrela, hiru Lurralde Historikoetako toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten partaidetzaren ehunekoa 2/2007 Legean indarrean dagoena baino handiagoa izango da.