Euskadiko Erresilientzia Suspertzeko Programa (PRRE 2020-2023) –Euskadi NEXT– diseinatzeko, koordinatzeko, gauzatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzaren Sailen arteko Batzordea azaroak 17an osatu zen. Euskadi NEXT Europar Batasuneko “NextGen EU” Programako funtsekin lantzeko berebiziko tresna da. Izan ere, EBn aurkeztu beharreko susperraldi eta erresilientzia planari dagokionez EAEri dagozkion ekintzak integratuko ditu, eta Ekonomia Suspertzeko eta Enplegua Sustatzeko Berpiztu Programarekiko osagarri izango da.
Sailen arteko Batzordeak lehengo bilera egin zuen pasaden azaroak 17an. Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikita, Jaurlaritzako sail guztietako ordezkariek osatzen dute. Batzordeburua Hernando Lacalle Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordea da, eta mahaikide gisa batzordeko idazkari lanak ere egiten dituen Jordi Campás, Ekonomia eta Plangintza Zuzendariak, eta Yurdana Burgoa, Kabineteko Zuzendariak, ere hartzen dute parte.
Elkarrizketarako mekanismo horren ardura da 2020-2026 aldirako planteamendu estrategikoak eta dagozkien jarduketak jasotzea, eta baita jarduketa horiekin batera egin daitezkeen lege- eta arau-erreformak eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) eta REACT-EB izeneko kohesio-ekimenaren irizpideei erantzuten dieten jarduketa guztiak ere. Era berean, programa gauzatzearen jarraipena eta ebaluazioa ere egingo du, eta emaitzak betetzen direla bermatzeko horiek aldizka berrikusi ahal izateko jarraipenerako mekanismoa ezarriko du.
Batzordeak, proposamenak integratzeko eredu instituzionala ezartzeko objektiboa du, Euskadi NEXT arrakastaz gauzatu ahal izan dadin. Bestalde, Ekonomia eta Ogasun Saileko arduradunak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin, Euskadiko hiriburuetako udalekin eta EUDELekin lankidetza eremuak indartzen ditu.
Euskadi NEXT-ren barnean diren proiektuak Europar Batasunaren “NextGen EU” ezohiko funtsen helburuekin (trantsizio ekologiko eta digital justua, osasuna eta ikerketa) lerrokatuta egongo dira, eta, aldi berean, bideragarriak izan beharko dute, teknikoki egingarriak, eta 2026ko abendua baino lehen gauzatu beharko dira. Azkenik, proiektuen emaitzak eta eraginari neurgarriak izan beharko dira, ebaluaketa egokia aurrera eraman ahal izateko.