Europako Batzordeak legez kontrako diru laguntza publikoak itzultzeko eskatu die Athletici, Osasunari eta beste espainiako ligako bost taldeei: Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Hercules eta Elche. Europako Batzordeak beste talde batzuek ez dituzten “onurak” jaso dituztela eta, beraz, Estatuko diru laguntzei buruz Europar Batasunak dituen arauak urratu dituztela ebatzi du.
Athletici eta Osasunari bost milioi euro arteko zigorra ezar diezaiekete, 1990etik zergak ordaintzean etekina lortzeagatik. Urte hartan Estatuak legea aldatu zuen, Espainiako Ligaren kontrol ekonomikorik ezari amaiera emateko eta Kirol Elkarte Anonimo bihurtzera behartu zituen klubak. Lau salbuespen izan ziren, aurreko lau denboraldietan zorrik ez pilatzeagatik: Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril. Europako Batasunak, ordea, legez kanpokotzat jo du erabaki hura, eta bost milioi euro arteko zigor proposamena egin du.
Margrethe Vestager, Europako Batzordeko Lehia komisarioak, adierazi duenez “zergadunen dirua futbol talde profesionalak finantzatzeko erabiltzeak lehia faltsutu dezake”. Horrez gain, “diru funtsa publikoek lehia zintzorako arauak bete behar dituzte eta kasu honetan ikertutako diru laguntzen ez zituzten bete” adierazi du.
Bizkaiko Foru Aldundiak futbol taldeen zerga tratamenduari buruzko foru araua Europako araudira moldatuko duela adierazi du. Aldundiaren arabera lau hilabeteko epea izango du foru araua moldatzeko eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela esan du.
Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du Europako Batzordearen erabakia jaso, eta jaso arte ez du inolako baloraziorik egingo adierazi du.
Athletic Clubek, prentsa ohar baten bidez “irabazi asmorik gabeko kirol elkartea dela” adierazi du, eta horren arabera “ordaindu egin dituela zergen arloko betebeharrak”. Bruselasek orain ez dio Athletici ezer jakinarazi, eta hori egin ostean, klub zurigorriak idazkiaren edukia “aztertu” egingo duela nabarmendu du.
Iturriak: