Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, % 5,5eko deflaktazioaren eta PFEZren kanpainaren 200 euroko kenkariaren eragina 173,2 milioi eurokoa izan da, eta kopuru maximo berrietara iritsi dira aitorpenen kopurua (653.723) eta itzulketen zenbatekoa. Zergadunek 8,9 punturekin —10 puntuko eskalan— baloratu dute Foru Ogasunak garatutako kanpaina, non pertsona bakoitzak aitorpenaren zirriborroa jaso baitu, bai eta aurrez aurreko zein telefono bidezko laguntza eta laguntza digitala ere 7.933 pertsonak aurkeztu dute ondarearen gaineko zergaren aitorpena, 81,5 milioi euroko diru-sarrera dakarrena.
Bizkaiko zergadunek PFEZren 653.723 aitorpen aurkeztu dituzte kanpainan, eta horien % 75ek itzultzeko emaitza izan dute (zergadunaren alde), eta, horrela, 503,8 milioi euro itzuli dira. Beste aitorpenetatik, 165.135, guztira, 414 milioi euro lortu dira: hortaz, -90 milioi euro izan da kanpainaren saldoa.
Kanpainan egindako itzulketen zein aitorpenen kopuruari dagokionez, maximo historiko bat lortu da, eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru-diputatuak datu horretara iristeko hiru arrazoi nagusiak azaldu ditu: aitorpenaren zirriborroa eskura jarri izana datu ekonomikoak dituzten pertsona guztiei, 2022ko ekitaldian enpleguan hobekuntza erregistratu izana eta aldundiak inflazioaren ondorioei aurre egiteko hartutako neurriak. % 5,5eko deflaktzazioak eta urtean 35.000 euro baino gutxiagoko errentak dituztenen 200 euroko kenkariak ekarri du zergadunen alde 121,2 milioi euro egotea kanpaina honetan. Horri 2022ko ekitaldiko atxikipenetan aplikatutako 52 milioi euroak gehituta, 173,2 milioi euro izan da hartutako neurrien guztizko eragina.
Kanpainaren balantze ekonomikoan, halaber, zergadunek kenkari sozialengatik aplikatu dituzten 694 milioi euroak nabarmendu behar dira.
Apirilaren 17tik ekainaren 30era egin den kanpainak, Foru Ogasunak aitorpenaren zirriborroa eskaini die datu ekonomikoak dituzten pertsona guztiei, aitorpena egiteko betebeharra izan zein izan ez. Bestalde, aurkezteko eta laguntzeko zerbitzua ere egon da ikusgai, hiru kanalen bitartez: digitala, telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa. Aurreko urteetako joerei jarraikiz, hamar pertsonatik zortzik bitarteko digitala erabili dute aitorpena aurkezteko, eta telefono bidezko zerbitzuan hamar zalantza eta kontsultetatik bederatzi erantzun dira.
Zergadunek batez besteko 8,9 puntuko balorazioa eman diete zerbitzuei —10 puntutatik—, eta, hortaz, Berrojalbiz-ek eta Foru Ogasuneko zuzendaria den Iñaki Alonsok eskerrak eta aitorpena helarazi nahi dizkiete errentaren sistema garatzeko eta zergadunen arreta-zerbitzuan lanean ari diren pertsona guztiei.
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia