COVID-19 Funtsa eta Ekonomia Ituna. Eraginik izan al du aldebakarreko arriskuaren printzipioa betetzean?

Junta Arbitral del Concierto Económico
Compartir

Ekonomia Itunaren inguruko euskarazko artikulu akademikoen argitalpena sustatzeko Zergak aldizkariak eta Ituna agiritegiak martxan jarritako kolaborazioaren argitan, Mikel Erkorekak eta Nerea Urrutiak “COVID-19 Funtsa eta Ekonomia Ituna. Eraginik izan al du aldebakarreko arriskuaren printzipioa betetzean?” artikulua argitaratu dute.

Artikulu honen helburua, pandemiak eragindako larrialdi-egoeraren aurrean Espainiar gobernuak autonomia-erkidegoei finantza-laguntza emateko sortu zuen COVID-19 Funtsak euskal erakundeen finantza-autonomian izan zuen eragina eta Ekonomia Itunaren sistema zuzentzen duen aldebakarreko arriskuaren printzipioan izan zitzakeen ondorioak aztertzea da. Nagusiki, aldebakarreko arriskuaren printzipioaren betearazpenean jartzen da arreta.

Euskal sektore publikoak krisi pandemikoak eragindako defizitaren zatirik handiena bere gain hartu badu ere, COVID-19 Funtsaren finantza-laguntzak 2020ko EAEren defizita arintzea ahalbidetu du. COVID-19 Funtsak ohiz kanpoko egoera sortu du Ekonomia Itunaren finantzen azken aldiko bilakaeran. Besteak beste, 2008ko krisiaren unerik zailenetan ere, euskal erakundeek ez zuten gobernu zentralaren ohiz kanpoko transferentziarik jaso.

Edonola ere, COVID-19 Funtsaren izaera eta finantza-irismen mugatua kontuan izanik, aldebakarreko arriskuaren printzipioa betetzean eraginik izan ez duela ondorioztatu daiteke. Lehenik eta behin, ohiz kanpoko neurriak eta politikak hartzea ez da EAEko edo Espainiako gobernuen jardunbide esklusiboa izan. Krisiaren osasun-izaerak ez du loturarik izan aurreko beste krisi batzuen izaera ekonomiko edo finantzarioarekin eta ohiz kanpoko neurriak hartzera bultzatu ditu mundu osoko gobernu gehienak. Bigarrenik, Funtsa salbuespenezkoa eta baldintzarik gabekoa izateaz gain, gobernu zentralak sortu zuen bere borondatez. COVID-19 Funtsa ohiko finantzaketa-sistema autonomikotik kanpo sortu zuen gobernu zentralak, eta ez zuen aurretiaz negoziatu Ekonomia Itunak arautzen dituen aldebiko mekanismoen bidez. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez zuen zuzenean parte hartu, eta ez zuen eragiteko gaitasun erabakigarririk izan haren sorreran. Hirugarrenik, COVID-19 Funtsa ez da modu selektiboan sortu EAEri laguntza finantzarioa emateko, baizik eta autonomia-erkidego guztiei egin die mesede. Azkenik, Funtsaren finantza-irismen mugatua azpimarratu beharra dago. Izan ere, COVID-19 Funtsaren finantza-laguntzak 2020ko EAEren defizita arintzea ahalbidetu zuen arren, haren ekarpena ez da funtsezkoa izan Ekonomia Itunaren sistemaren finantza-iraunkortasunerako.

Hala eta guztiz ere, eta S&P-en txostenak jasotzen duen oharraren ildotik, euskal erakundeek zuhur jokatu behar dute mota honetako funts edo diru-laguntzetan parte hartzerako orduan. Aldebakarreko arriskua foru finantzaketa-sistemaren oinarrizko printzipioa da. Printzipio hori kolokan jartzeak, zerga- eta finantza-ondorioak ez ezik, ondorio politikoak eta juridikoak ere izan ditzake. Etorkizunean, komenigarria izango litzateke horrelako ohiz kanpoko neurriak Ekonomia Itunaren sisteman aurreikusitako aldebiko mekanismoak eta tresnak errespetatuz bideratzea: bai kupoaren bidez, bai Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adosturiko bestelako ad hoc akordioen bidez. Ekonomia Itunaren integritatea bermatzeaz gain, foru federalismo fiskal asimetrikoaren sistema legitimatzen duten oinarriak eta printzipioak interpretatzean sortu litezkeen eztabaidak eta mesfidantzak saihesten lagunduko luke.

Artikulu osoa deskargatu