Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde historikoko udalekin lankidetzan egin duen berrikuspenaren ondoren ondasun higiezinen titularrek dagoeneko kontsulta ditzakete katastroko balio berriak, eguneratuta. Horrela Foru Erakundeari ahalegin handia egitea eskatu dion kalkulu-prozesua amaitzen da; prozesu honetan balio berria esleitu zaie ia 1.300.000 ondasun higiezini, hiri- eta landa-izaerako 1.800.000 elementu baino gehiago dituztenak.
Euren Bak gakoa edo identifikazio elektronikorako beste edozein bide erabiliz jakinarazpen elektronikora iristea erabakitzen duten titularrek katastroan euren izenean agertzen diren ondasun guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko dute bertan: duten titulartasun-mota, ehunekoa eta balio berriak kalkulatzeko kontuan hartu diren higiezinen ezaugarriak. Udalak hala jakinarazi badigu, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) zerga-tasari buruzko informazioa eta 2025erako ordainagiriaren zenbatekoa ere aurkituko dituzte.
Informazio hau formatu elektronikoan herritarren eskura jartzeaz gain, Aldundiak beharrezko neurriak hartuko ditu informazio hori ohiko bitartekoen bidez eskuratu nahi dutenek, edo bitarteko elektronikoen bidez Administrazioentzat pertsona horiekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denean, herritar horiek prozesu osoaren berri behar bezala izan dezaten. Nolanahi ere irailaren 27a baino lehen egoitza elektronikora sartu ez diren pertsonek jakinarazpen bat jasoko dute etxean, gutun tradizional eta ziurtatuaren bidez.
Pertsona juridikoen kasuan, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzera behartuta daude; beraz, epea amaitu ondoren jakinarazpena eskuratu ez dutenak jakinarazitzat joko dira ondorio guztietarako.
Jakinarazpen eta arreta elektronikoaren eredua bultzatzea
Bidali beharreko jakinarazpen kopurua oso handia denez eta ingurumenarekiko ahalik eta errespeturik eta jasangarritasunik handieneko kanpaina egin nahi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazpen eta arreta elektronikoko eredua bultzatu nahi du. Erakundeak ahalegin bikoitza egingo du eta horrek esan nahi du datozen egunetan ondasun higiezinen titular guztien eskura egoitza elektronikoan katastro-balio berriak dituen jakinarazpena jartzeaz gain, elektronikoki harremanetan jar daitezkeenei (posta elektronikoko helbidea edukitzeagatik) berrikuspen-prozesua azaltzen duen komunikazioa bidaliko diela, jakinarazpenera bitarteko elektronikoen bidez sartzera animatuz. Jakinarazpen horretan katastroan ordezkaritzaren bidez jarduteko gako bat ere jasoko da, nahi izanez gero hirugarren pertsona batengana jo ahal izateko bere izenean berrikuspen horrekin lotutako izapide guztiak egin ditzan.
Era berean Bizkaiko Foru Aldundiak katastroko titularren eskura jartzen ditu adibideak, gidak, bideotutorialak edo ohiko galderak, eta horiek guztiak www.bizkaia.eus/revision-catastral helbidean kontsultatu ahal izango dira. Ildo beretik, Katastro Bisorera sartu ahal izango dira modu grafikoan higiezinen datu guztiak, haien geometria eta lurraldean duten kokapena kontrastatzeko. Eta, azkenik, nahi izanez gero, Aldundi honekin harremanetan jarri ahal izango dira laguntza telefonoz edo aurrez aurre eskatzeko.
Jakinarazpenaren edukia
Jakinarazpenak eduki hau du:
– Katastro-balioa jakinarazteko erabakia.
– Titularrak Bizkaian dituen ondasun guztien zerrenda.
– Ondasun higiezin bakoitzaren titulartasun mota eta ehunekoa.
– Ondasun higiezina osatzen duen elementu guztien katastro-ezaugarriak.
– Balio-eremuak, lurraren baldintzatzaileak, laborantza-balio optimoak eta balio-txostena aplikatzearen ondoriozko koefiziente zuzentzaileak.
2025eko Ondasun Higiezinen gaineko Zergarako zerga-tasa eta emaitzako kuota likidoa, baina kasu honetan bakarrik jakinarazpenak sortzeko unean Bizkaiko Foru Aldundiari hala jakinarazi dioten udalerrientzat.
Jendearentzako arreta katastroko balioak berrikusteko kanpainan
Foru Aldundiak hiru arreta-kanal jarri ditu abian katastro-balioak berrikusteko kanpainari buruzko informazioa jasotzeko edo edozein zalantza argitzeko:
Aurrez aurreko arreta
Ogasunaren 12 bulegoetan (Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbo, Durango, Gernika, Getxo, Igorre, Markina, Mungia eta Portugalete).
Ordutegia: 8:30etatik 19:00etara. Aldez aurretik hitzordua eskatuta 94 612 55 00 telefonoan.
Bilboko eta Basauriko udalek eskuordetuta daukate katastroaren kudeaketa, eta, beraz, katastro-balioekin zerikusia duten gai guztiei bulego hauetan erantzungo zaie:
Bilbo, San Agustin eraikina, Ernesto Ercoreca plaza 12.
Basauri, Kareaga Goikoa kalea 52.
Telefono bidezko arreta pertsonala
Aurretiko hitzordua eskatzeko edo edozein arazo konpontzeko, Foru Aldundiak arreta pertsonala eskaintzen du 94 612 55 00 telefonoaren bidez, 8: 30etik 19:00etara.
Bilbon kokatuta dauden higiezinen kasuan, harremanetarako telefonoa 94 400 92 94 da, eta Basauriren kasuan, 94 466 63 59.
Arreta digitala
www.bizkaia.eus/revision-catastral webgunearen bidez. Helbide horretan, jakinarazpenera iritsi ahal izateaz gain, katastroko balioen berrikuspenari buruzko informazio guztia izango dute.
Katastro-balioen berrikuspenari buruzko datu nagusiak
Sortutako jakinarazpenen kopurua: 700.105.
Pertsona fisikoen titularrak: 680.691.
Pertsona juridikoak: 19.414.
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia