Bizkaiak 10.308 milioi euroko Aurrekontu Orokorra izango du 2024an, aurten baino % 5,1 gehiago

Compartir

Bizkaiko 2024rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren Proiektua 10.308,2 milioi eurokoa izango da, eta zenbateko horrek 500,1 milioi gehitu du, % 5,1, 2023ko ekitaldi honetako aurrekontua. Itxaso Berrojalbizek, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, kopuru hau aurreratu du Finantzen Euskal Kontseilua eta Finantzen Lurralde Kontseilua egin ondoren. Kontseilu horietan Bizkaiak 2024an Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko udalei egingo dizkien ekarpenen aurrekontuak zehaztu dira.

Ekarpen horiek handitu egingo dira, aurreikuspenen arabera datorren ekitaldian Bizkaiak % 5,8 gehiago ingresatuko duelako zerga itunduen bilketan, hau da, 9.916,7 milioi eurora iritsi arte; aurreikuspen hau hazkunde ekonomikoaren eta lan-merkatuaren hobekuntzaren aurreikuspenetan oinarrituta dago.

Horrela zerga itunduek 2024rako aurreikusitako diru-sarreren aurrekontuan duten pisua handitzen dute, munta osoaren % 96,2; itundugabeko diru-sarrerak, berriz, ia ez dira aldatzen 2023ko aurrekontuarekin alderatuta, eta zorpetzea % 18,4 murrizten da.

 

SARREREN AURREKONTUA 2023 (M€) 2024 (M€) Aldea % M€
Zerga itunduak 9.375,3 9.916,7 5,8 541,4
Sarrera itundugabeak 206,8 207,0 0,1 0,2
Zorpetzea 226,0 184,5 -18,4% -41,5
Sarrerak guztira 9.808,1 10.308,2 5,1% 500,1

 

Aurreikusitako diru-sarrera guztietatik Foru Aldundiak 2.117,3 milioi euroko Kudeaketa Propioko Aurrekontua erabiliko du 2024an, 2023ko ekitaldiko 2.029,3 milioiak baino % 4,3 gehiago. Zenbateko hau beste erakunde batzuen finantzaketarako konpromiso instituzionalak betetzetik ateratzen da, 8.190,9 milioi euro guztira. Bizkaiak 2024an Estatuari ordainduko dion kupoa murriztu egin da, 618,5 milioi eurora arte, eta gainerako konpromiso instituzionalek gora egin dute. Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak % 6,7 igo dira, 6.430 milioi euroraino, eta Bizkaiko udalen finantzaketa 1.122,3 milioira iritsi da, % 9,2. Halaber, % 3,1 hazi da Bizkaiko Batzar Nagusiak finantzatzeko partida.

 

KONPROMISO INSTITUZIONALEN AURREKONTUA 2023 (M€) 2024 (M€) Aldea M€
Estatuari ordaindu beharreko kupoa 705,1 618,5 -12,3 -86,6
Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena 6.027,3 6.430,0 6,7 402,7
Udal-finantzaketa 1.036,5 1.132,1 9,2 95,6
Bizkaiko Batzar Nagusiak 9,9 10,3 3,1 0,4
Konpromiso instituzionalak guztira 7.778,8 8.190,9 5,3 412,1

 

Foru sailak lanean ari dira 2024an garatuko dituzten jarduketak zehazteko. Jarduketa horiek 2024ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren proiektuan jasoko dira eta aurreikusi da urriaren 31n onartuko dela.