Bizkaiko Foru Ogasunak 2014ko PFEZaren eta 2018ko sozietateen gaineko zergaren erreformen ebaluazio-txostenek argitaru ditu. Erreforma hauen helburu nagusiak bi ziren: Bizkaia modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa izatea, eta lurraldeko zerga-sistema bidezkoagoa, progresiboagoa eta eraginkorragoa izatea lortzeko bidean laguntzea. Bi erreforma horiek abiapuntu izango dira Bizkaiko Foru Aldundiak datozen hilabeteetan egingo duen zerga-berrikuspenerako. Berrikuspen horren helburua gaur egungo erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren tresna fiskalak finkatzea izango da.
Itxaso Berrojalbizek, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, PFEZaren erreformari (2014an egin zena) eta Sozietateen gaineko Zergaren erreformari (2018koa) buruzko ebaluazio-txostenen edukiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Aurkezpen hori bere analisia Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkaritza duten gainerako erakundeekin partekatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako konpromisoa betez egin du. Halaber aurki Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egingo duela baieztatu du, talde guztiei ebaluazio hauen berri emateko. Ebaluazio horietan txosten teknikoak, gauzatutako neurriak eta azken ondorioak jasotzen dira.
Itxaso Berrojalbiz-ek adierazi du PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan egindako erreformen emaitza den Bizkaiko zuzeneko zergapetzearen eredu berriak, neurri handi batean, erreforma horien onarpenaren oinarri izan ziren helburuak lortzen lagundu du. Hau da, Bizkaia modernoagoa, solidarioagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa lortzea, lurraldeko zerga-sistema bidezkoagoa, progresiboagoa eta eraginkorragoa izatea lortzen lagunduz
.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ebaluazioa
Txostenak egiaztatzen du PFEZaren birbanaketa-efektua hazi egin dela, gaitasun ekonomiko handiena duten zergadunen presio fiskala handituz. Ildo beretik, zerga honen bidez lortu nahi diren ekitate- eta progresibitate-printzipioak indartu dira. Hori guztia tarifen tarte altuenetarako zerga-tasa berriak onartzearen eta zenbait onura fiskal, murrizketa eta kenkari doitzearen ondorio da. Horren adibide da tarte horietako 8.000 zergadunek kuota likidoa 15 milioi eta erdi euro inguru handitu zutela 2021ean, eta aurrezkien etekinak zituzten beste 75.500 zergadunen kasuan ia 23 milioi euro handitu dela euren karga.
Bizkaian pertsona fisikoak zergapetzeko eredu berri hau aplikatzeak lurraldeko finantza publikoen jasangarritasuna eta nahikotasuna bermatu ditu urte hauetan, zerga horren bidez bildutako zenbatekoa handituz; hazkuntza hau % 50etik gorakoa izan da indarrean sartu zen lehen urtearekiko; 2013an 2.220 milioi izan ziren eta 2022an, ordea, 3.368 milioi.
Era berean, Ogasuneko foru diputatuak nabarmendu du erreforma honek erakundeen eskumeneko zerbitzu publikoak mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak sortzen lagundu duela eta, horien aurrekontua, neurri handi batean, zerga honen kaudimenari lotuta dagoela
.
Sozietateen gaineko Zergaren ebaluazioa
Itxaso Berrojalbiz-ek Sozietateen gaineko Zergari dagokionez azpimarratu du zerga horren erreforma testuinguru ekonomiko korapilatsuan egin dela. Mundu-mailako krisi ekonomiko sakona bizi zenean, eta ongizate-egoera mantentzeko gero eta premia handiagoak zeudenean. Testuinguru zehatz hori gorabehera, erreformaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-jarduera suspertzeko helburu katalizatzailea bultzatu zen, gure enpresa-sarea eta Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartuz; baina, jakina, enplegua sortzea ahaztu gabe
. Azken berrikuspena 2018an egin zen, eta horri esker, Bizkaia lurralde lehiakorragoa eta erakargarriagoa da, bai hemen finkatutako enpresentzat, bai inbertsio berrientzat.
Helburu horiek lortzeko hainbat neurri gehigarri hartu dira. Nabarmentzeko neurri bat da, izan ere, Bizkaiko enpresek ordaintzen duten zergaren tasa nominala Europar Batasuneko batezbestekoarekin bateratu dela. Adibidez, 13.000 mikro enpresa eta enpresa txikiren zerga-tasetan eragina izan da: 28 milioi eurokoa, guztira. Sozietateen gaineko Zergaren erreforma moduan, halaber, zenbait neurri sortu ziren, beren jardueran etekinak sortzen zituzten enpresek gutxieneko tributazioa izango zutela ziurtatzeko eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko.
Horri dagokionez, Itxaso Berrojalbizek azpimarratu duenez, Bizkaian enpresak zergapetzeko eredu berri hori, nire ustez, finkatuta dago jada, eta jarduera ekonomikoaren bultzatzailea eta enplegu-sortzailea da. Eta hori guztia lortu da, Sozietateen gaineko Zergaren eta enpresek bizi duten egoera ekonomikoaren arteko lotura estua izan arren, hau da, enpresen irabaziei eragiten dien edozein egoerak zerga horrengatik ordaindu beharreko kuotetan berehalako eta zuzeneko eragina izatea eragin arren
.
Sozietateen gaineko Zergaren diru-bilketak bilakaera positiboa izan du 2017tik (erreforma amaitu aurreko urtetik), eta % 16 hazi da 2022ra arte. Bi mugarri aipagarri izan ditu: Alde batetik, 2018. urtea: diru-bilketa handiena urte horretan izan zen (914 milioi euro), finantza-krisiaren ondorioz enpresa-mozkinak sendotu zirelako. Beste alde batetik, 2022. urtea (757 milioi euro): ekitaldi horretan ikusi zen dagoeneko gaindituta zegoela COVID-19aren pandemiak eragindako atzeraldi ekonomikoaren ondorioz 2020an izandako bilketa-zulo nabarmena (587 milioi).
Zifrak eta horien ondorioak ikusita, bi txostenek erakusten dute Bizkaiko lurraldeak ongizate-egoerari eusteko behar diren baliabide ekonomikoak baino askoz gehiago dituela, eta enpresentzat eta inbertsio berriak erakartzeko lurralde askoz erakargarriagoa dela. PFEZari dagokionez, berretsita geratzen dira honako printzipio hauek: progresibotasuna, birbanaketa eta zergadunen gaitasun ekonomikoaren eta inguruabar pertsonalen arreta. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresa-sarea indartu da, eta Bizkaian enplegua sortzeko inbertsioa bultzatu du.
Aztertu diren bi erreforma horiek Bizkaiko Foru Aldundiak datozen hilabeteetan egingo duen zerga-berrikuspenaren oinarriak ezarriko dituzte. Berrikuspenaren bidez, Euskadiko sare ekonomiko eta soziala berritzeko eta lehiakor izateko apustua sendotu behar da, erronka berriak mahai gainean jarrita: demografiarekin hasi eta fiskalitate berderaino, baina baita genero-berdintasuna, etxebizitza, ekintzailetza eta ekologia ere kontuan hartuta.
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia