Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako sailak hurrengo ekitaldirako zerga neurriak eta sailaren 2023rako aurrekontua aurkeztu ditu, 17,43 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Digitalizaziorako inbertsioak aurrekontu osoaren % 55,08 dira; izan ere, titularrak agerraldian nabarmendu duenez, “epe luzeko proiektua da, gure prozeduren eraginkortasuna hobetzeko, herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko eta kudeaketa publikoari ahalik eta gardentasun handiena emateko”.
Zehazki, Ogasuna eraldatzeko “Araba Digital Plana”ren barruan jasota dagoen proiektu estrategikoa nabarmentzen da, 5.870.000 euroko aurrekontua zainpetua duena. Era berean, araudi eta teknologia aldaketei eusteko eta horietara egokitzeko, eta dagoeneko ezarrita dauden zergak kudeatzeko programetan (errenta, sozietateak, zerga ereduak) hobekuntzak sartzeko, milioi bat euro baino gehiago gorde dira.
Sailaren beste ardatz nagusietako bat iruzurraren aurkako borroka da, eta zerga figuren joera ereduak aztertzeko eta, ondorioz, iruzurra detektatzeko tresnak garatzen jarraitzen du. Horretarako, 150.000 euro zainpetu ditu.
Zerga neurriak
Onartu berri den foru arauak 2023rako neurriak jasotzen ditu, batez ere Zergen Foru Arau Orokorrari, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) eta sozietateen gaineko zergari eragiten dietenak.
Lurraldeko zergadun guztientzat onuragarriak diren neurriei dagokienez, nabarmentzekoa da PFEZren tarifaren beste deflaktazio bat, % 2koa, datorren urterako, bai eta zerga ordainketa bateratuagatiko murrizketaren zenbatekoa eta ondorengoengatiko, desgaitasunagatiko, aurreko ahaideengatiko eta bestelakoengatiko kenkarien zenbatekoa eguneratzea ere.
Gainera, 2023rako zabaldu da 200 euroko kuotaren minorazioaren aplikazioa, PFEZeko 30.000 eurorainoko zerga oinarri orokorra duten zergadunei aplikatzekoa. 30.000 eta 35.000 euro arteko zerga oinarria duten pertsonentzat, zenbateko hori arian-arian murrizten da.
Autonomoen kasuan, gastuen ehunekoa % 10etik % 15era handitu da, horien etekin garbia zehazteko. Ardo ekoizleentzat, nekazarientzat, abeltzainentzat eta salgaiak errepidez garraiatzen dituzten pertsonentzat, 2023ko ekitaldian % 70eko ehunekoa mantendu da.
Jarduera ekonomikoa sustatzeko, foru arauak hainbat neurri jasotzen ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da, Foru Aldundiko arduradunak zehaztu duen legez, “autonomoentzako jarduera mantentzeagatiko kenkari berria: 800 eurokoa gizonentzat eta 1.000 eurokoa emakumeentzat”. Mikroenpresen kasuan, sozietateen gaineko zergan, gastuen ehunekoa % 10etik % 15era handitzearen onurak jasoko dituzte, haien dimentsioa kontuan hartuta.
Era berean, ekintzailetza sustatzeko eta produkzio jarduera indartzeako, zerga oinarriaren murrizketa ehunekoa handitu egingo da, kontabilitate emaitza positiboaren zenbatekoaren % 60tik % 65era, helburu horretarako erabiliko den erreserba bat hornitzeko. Eta, ildo horretan, jarduera ekonomikoen hasiera errazteari dagokionez, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan % 95eko hobaria ematngo zaie 50.000 eurorainoko jarduera ekonomikoa hasteko seme alabei egiten zaizkien dohaintzei (dohaintzak/ekarkinak).
Bestalde, 2022ko ekitaldian, enpresa mikro, txiki eta ertainek aurreko ekitaldietako zerga oinarri negatiboak % 100ean konpentsatzeko aukera izango dute.
I+G+B proiektuak finantzatzeagatiko kenkariari dagokionez, neurriek hura aplikatzeko baldintzak malgutzen dituzte, eta kontratua formalizatzea ahalbidetzen dute, proiektua gauzatzen hasi ondoren, gehienez ere 9 hilabeteko epean. Ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak jaso beharreko finantzaketa mugaz denaz bezainbatean, normalean 200.000 eurotik gorakoa izan ezin dena, milioi bat euroraino igo da.
Iraunkortasunari lotutako neurriei dagokionez, nabarmentzekoa da ohiko etxebizitza energiaz hornitzeko eguzki energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioak erosteko kooperatibei egindako ekarkinagatiko kenkaria. Kenkariaren ehunekoa % 10etik % 15era igo da, eta zergadunek 4.000 biztanle baino gutxiago dituen Arabako udalerri batean ohiko bizilekua izateko baldintza kendu da. Halaber, zergadunek ordaindutako zenbatekoen % 15 kendu ahal izango dute, gehienez 15.000 euroraino, beren jabetzako finkan edo garaje komunitarioan jabetzan dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instala daitezen.
Ildo beretik, eta ekonomia zirkularraren esparruan, % 35eko igoera onartu da ondasunak eta produktuak berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko jardueretako bat edo batzuk helburu bakartzat dituzten I+G+B proiektuetarako; ondasun eta produktuok erregelamendu bidez zehaztuko dira.
Kultura sustatzeko pizgarriei buruz, film luze zinematografikoen eta fikziozko, animazioko edo dokumentaleko ikus-entzunezko serieen Espainiako ekoizpenetan egindako inbertsioek % 35eko kuota likidoa kentzeko eskubidea ematen diote ekoizleari, oro har, eta % 45ekoa euskaraz filmatutako obretarako.
Jarduera ildo horretan, kenkariaren muga handitu egin da, 2,5 milioi eurotik 10 milioi eurora, egindako ekoizpen bakoitzeko. Bestalde, atzerriko ekoizpen bat gauzatzeaz arduratzen diren zinematografia eta ikus-entzunezko enpresen ekoizleen zerga tratamendua hobetu da, kuota likidoaren % 35eko kenkarirako eskubidea izango baitute.
Beste neurri sorta bat iruzurraren aurkako borrokari buruzkoa da, hau da, atzerrian dauden moneta birtualei buruzko informazioa emateko betebeharra eta informazio betebehar hori ez betetzeagatiko zehapen araubidea. Bestalde, aldatu egiten da Foru Ogasuneko zordunen zerrendak argitaratzen uzten duen zenbatekoa, 1.000.000 eurotik 600.000 eurora jaitsiz.