Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga-bilketa metatua %2,93 areagotu da 2019ko lehen lauhilekoan

Compartir

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen zerga-bilketa %6,2, %3,4 eta %0,2 igo da hurrenez hurren.

Arabako kasuan, 573,1 milioi euro bildu dira, iazko ekitaldian baino 33 milioi gehiago. Zergaka aztertuz gero, jarrera positiboa da, enplegua hobetu eta egonkortu delako (PFEZa) eta kontsumoa ere handitu delako (BEZa). Hori guztia amatasunen eta aitatasunen itzulketak egitearen ondoriozko saldo negatiboa gorabehera.

Bizkaiak 2.884,1 milioi euro bildu ditu tributu itunduak direla eta apirilerarte. Zifra hori 95,3 milioi euroan gehitu da iazko aldi berean lortutakoaren aldean. Guztira bildutako kopurutik, 1.400,1 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 2,7 hazi den.  Zeharkako zergek 1.304,8 milioi euro ekarri dituzte, hau da, % 2,2 gehiago, 2018. urteko lehen lauhilekoan bildutakoaren aldean (193,8 milioi euro gehiago). Datu horretan, dagoeneko kontabilizatuta dago lurralde arteko BEZaren eta Zerga Berezien barne-doikuntzetako lehenengoa; haren bidez, Bizkaiak 222,8 milioi eurorekin konpentsatu du Gipuzkoa, eta 86,6 milioirekin. Azkenik, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 20,1 milioi euroko sarrerak lortu dira, 2018. urtean baino 1,5 milioi gutxiago.  Horrenbestez, kudeaketa propioko tributu itunduen zenbateko osoa 63,5 milioi euroan gehitu da iazkoaren aldean.

Zerga bilketa metatua %0,2 hazi da Gipuzkoan apirilerarte aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 1.115 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018an baino 2 milioi euro gehiago batu dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nabarmen hazi dira lan etekinen gaineko atxikipenak, lan merkatua indartu izanaren adierazle. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, amatasun eta aitatasun prestazioei dagozkien itzulketa aipatu behar dira (PFEZari eragiten diote), eta baita ondare irabazien gaineko atxikipenetan emandako jaitsiera ere, pasa den urtean ezohiko sarrera bat egon baitzen. Nabarmen igo dira baita ere Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) itzulketak.