Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek 4.197,1 milioi euro bildu dituzte 2020ko urtarriletik maiatzera bitartean. Joan den urteko epe berdinean 5.367,1 milioi euro jaso zituztela kontuan izanda, 1.170 milioi gutxiago bildu dituzte aurten, hau da, % 21,8 gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du haren emaitza fiskalen berri eman oraindik.
Zerga-bilketaren bilakaera
Araban, urteko lehen bost hilabeteetako dirubilketa metatua % 36 jaitsi da, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuz. Maiatzera bitartean, Foru Ogasunak 483 milioi euro bildu ditu, hain zuzen aurreko urteko lehen hilabeteetan baino 271 milioi gutxiago. Bi faktorek izan dute eragina jaitsiera horretan: autonomoek, mikro enpresek eta enpresa txikiek zergen ordainketa atzeratu izanak, aldi horri dagokion ordainketa uztailetik abendura atzeratzeko aukera izan baitute; eta jarduera geldiarazi izanak, hain zuzen hilabete honetan islatzen baitira funtsezko jarduerak bakarrik egin ziren bi asteak.
Zuzeneko zergen kapituluan, PFEZean % 20,9ko beherakada izan da, eta guztira 204 milioi euro bildu dira. Jaitsiera hori eragin dute, nagusiki, krisiaren eraginik gogorrena jasan duten sektoreei laguntzeko onetsitako zerga neurriek, hala nola lan atxikipenak geroratzea edo autonomoen ordainketa zatikatuak baliogabetzea, nola bi hilez behingoak hala hiru hilez behingoak. Sozietateen gaineko zergan % 20,9ko jaitsiera izan da, eta horrek esan nahi du kontzeptu hori dela eta ia 7 milioi euro gutxiago bildu dela aurreko urteko aldi berberean baino. Zerga horretan inpakturik handiena eragin du zergaren kuota diferentzial garbia jaitsi izanak, hain zuzen aurreko ekitaldiko aldi berberean baino % 31,8 txikiagoa baita, batez ere estatuko erregimenaren pean zergak ordaintzen dituzten enpresen konturako ordainketak txikiagotu izanaren ondorioz.
Dirubilketako jaitsierarik handiena zeharkako zergetan izan da. Guztira 185 milioi euro gutxiago bildu da, hots, aurreko urtean baino % 46,8 gutxiago. BEZ-aren zerga-bilketa 117,7 milioi eurokoa izan da. Kontzeptu horretan izandako jaitsiera, guztira, 159 milioi eurokoa izan da (%57,4ko jeitsiera).Kontsumoak eta jarduera ekonomikoak behera egin dute, eta horrek eragin handia izan du BEZaren dirubilketan; baina, horrez gain, kontuan izan behar da martxo, apiril eta maiatzeko ordainketak atzeratzeko neurriek izan duten eragin ekonomiko handia. Orobat, nabarmentzekoa da Arabako Ogasunak egindako ahalegina BEZaren itzulketak azkarrago egiteko, eta hain zuzen horrek ere eragina izan du dirubilketaren jaitsieran. Hidrokarburoen gaineko zergaren dirubilketa metatuak (58 milioi) ere % 27,6 egin du behera aurreko urteko hilabete berberarekin alderatuta, eta horrek esan nahi du 22 milioi euro gutxiago bildu dela.
Bizkaiko kasuan, Itunpeko zergekin 2.543,1 milioi euroko diru-bilketa eman da, aurreko urteko aldi berdinean jasotakoa baino 531,2 milioi euro gutxiago bilduz (% 17,3ko jeitsiera). Aldi honetan, Bizkaiko diru-bilketak ondorioak jasan ditu apirilean jarduera ekonomikoa gelditu zelako, Foru Ogasunak aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuz itzulketa gehiago egin dituelako eta Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarren likidezia hobetzeko zerga-neurriak aplikatu dituelako, bereziki mikroenpresei, ETE-ei eta autonomoei zuzenduta egon direnak, ekonomiaren sektore zaurgarrienetan inpaktu ekonomiko negatiboa saihesteko helburuarekin, hain zuzen ere.
Jasotako zenbateko guztitik, 1.153,1 milioi euro zergapetze zuzenari dagozkionak dira, 2019ko ekitaldiarekin alderatuz, % 10,5eko jaitsiera izan duena. PFEZ-k orokorrean 1.014,2 milioi euro izan ditu, % 9,2 gutxiago, baina bere kontzeptu nagusiaren jaitsiera, hau da, lan-errenten atxikipenena, % 3,9koa izan da. Bere aldetik, PFEZren kuota diferentziala % 0,6 jaitsi da, sarien gaineko zerga berezia % 94,5 eta kapital higiezinaren atxikipenak % 31,5. Sozietateen gaineko zergak 104,8 milioi euro eman ditu, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuz % 18,9 gutxiago, nagusiki, kapital higiezinaren etekinen atxikipenak eta kuota diferentzialak garapen negatiboa izan dutelako.
Zeharkako zergek, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien lehenengo ordainketa 224 milioi eurokoa izan dela zenbatu ondoren, 1.282,9 milioi euroko ekarpena egin dute maiatzera arte jasotako diru-bilketan, hau da, aurreko urtean baino % 19,8 gutxiago. Kudeaketa propioko BEZa % 25,8 gutxiagokoa izan da, 906,3 milioi eurorekin. Zerga berezien artean, Hidrokarburoenak 365,8 milioi izan ditu, % 7,1 jaitsiz. Elektrizitatearenak % 7,8 galdu du, eta Tabako Lanena % 7,7 gehitu da.
Gipuzkoan, maiatzera arte, zerga-bilketa metatuaren jaitsiera %23,9 izan da aurreko urtearekin alderatuta, sarrera gordinak %14,8 jaitsi direlako eta itzulketak %9,8 hazi direlako. Zuzeneko zergak %6,9 jaitsi dira, zeharkako zergak %36,0 eta Estatuarekiko doiketak %41,8.