Itunako ikertzailea den Mikel Erkorekak, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako finantza publikoak eta Ekonomia Ituna 1929ko krisi ekonomikoaren garaian (1925-1936)» liburua argitaratu du UPV/EHUko argitalpen zerbitzuan. Liburua, Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegian garatu zuen doktoretza-tesiaren emaitza da.
Liburuan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen finantza publikoak eta ekonomia ituna aztertzen dira 1929ko krisi ekonomikoaren garaian. 1929ko udazkenean Wall Street-en epizentroa izan zuen «crash» ekonomikoaren metxa ziztu bizian hedatu zen mundu mailako ekonomiara, kapitalismoaren historian aitzindaria izan den krisi ekonomiko latzari hasiera emanez. 2008ko krisi ekonomikoaren eskutik, 1929ko krisiaren gaineko interesa eta gaurkotasuna berpiztu egin da azken hamarkadan arlo politikoan zein akademikoan. Liburu honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garaiko finantza publikoen kasu azterketa garatzen da lehendabizikoz, aurrekontu-analisian eta analisi fiskalean oinarrituz. Ekonomia Itunaren argitan, hiru herrialdeetako Aldundiek berezko ekintzabidea jarraitu zuten 1929ko krisi ekonomikoaren aurkako politika publikoak ezartzerako orduan.
Azterketa 1925ean abiatuko da, urte hartan negoziaturiko kupoaren berriztapenarekin, eta 1936ko uztailean amaitu, Gerra Zibilaren atarian. Kronologikoki denbora-tarte laburra bada ere, 1925 eta 1936 bitartekoa, aldaketa ekonomiko-fiskal eta politiko-instituzional handiko garaia izan zen euskal erakundeentzat. Hiru Aldundien politika eta finantza publikoak errotik baldintzatu zituzten hiru gertakari eman ziren: 1925eko kupo-berriztapena, 1929ko krisi ekonomikoa eta 1931ko II. Errepublikaren ezarpena. 1931ko erregimen aldaketa, aro politiko berri eta ezezagun baten abiapuntua izan zen. Errepublikaren garaian, gestore errepublikar eta sozialistak hiru Aldundien agintera heldu ziren aurrenekoz historian.
Krisi eta aldaketa abaguneak, itunpeko sistemaren erresilientzia eta bideragarritasuna ebaluatzeko agertoki ezinhobea eskainiko digu. Liburu honen bitartez, irakurleak, garaiko euskal gobernantza-eredua hobeto ezagutzeko eta ulertzeko aukera izango du.